2010-12-09

Askotan literaturaren  eta historiaren arteko  mugak ez ditugu ondo bereizita aurkituko zenbait gertakari historikotan. Orreaga bada horren adibide. Bi guda izan ziren, 778. eta 824. urteetan. Karlo Magnoren ostearen eta baskoien arteko gudaldiak izan ziren, eta bietan Inperio Karolingiarra atera zen galtzaile. Gudaldien leku zehatzaren inguruan, iritziak anitzak dira: gehienek Ibañetan kokatzen dituzte; beste batzuek


–Jimeno Juriok– Luzaiden, toponimiaren arrastoagatik (Valcarlos, Karlosen ibarra); beste batzuek, berriz, Orreagan bertan, baina arkeologoek ez dute bertan arrastorik topatu.
Iturri historikoetan, frankoak Pirinioetan egon izanaren aipuak hiru dira. Aipu motzak dira, eta informazio gutxi eta iluna ematen dute; gainera, hiru aipu horiek iturri frankoetan aurkitzen dira. Beraz, gutxi da gertakari historiko honi buruz ziurtatu dezakeguna.
Lehenengo guda ospetsu egin zen Erdi Aroko literatura epikoari esker, baina bigarrenak ez zuen oihartzunik izan –ezta gurean ere–, nahiz eta baskoientzat askoz garrantzitsuagoa izan, lurraldea kontrolatzeko karolingiarren azken saiakera izan baitzen.

- Mitoa
Erdi Arotik aurrera, Orreagako lehenengo guda frankoen eta kristautasunaren mito bilakatu zuten. Erdi Aroko literaturan, Chanson de Roland lan epiko garrantzitsuarekin, Norvegia arte zabaldu zen, xiii. mendean. Olerki horretan, Frantziako hamabi pariak (Karlo Magnoren gizonik hoberenak) hil egiten dira. Ospetsuena
Errolan (Roldan) da, Breizh-eko gobernadore (Bretainia) eta Karlo Magnoren iloba. Chanson de Roland-en Islamaren kontra borrokatzen dira frankoak, ezgeroago, Iruñeko erresumaren sorreran. Iparraldetik, frankoak eta beren inperioa hedatu nahia. Karlo Magnoren aitak, Pepin Laburrak, Akitania konkistatu zuen 760.-768. urteen artean, eta Karlo Magnok hedapenari eutsi zion. 768an frankoen errege izendatu zuten, eta 800ean, Mendebaldeko enperadore.
Hegoaldetik, Islama. 711n musulmanak penintsulara heldu eta 756an Abd-al Rhaman-ek Emirerria sortu zuen: Al‑Andalus. Horrela, Bagdad-eko kalifatzaren probintzia izatetik Emirerri independente izatera igaro zen. Azkenik, Banu Qasiak. Al-Andalusen menpe egonda ere, Banu Qasiek askotan era independentean
jokatu zuten, Ebro haranean baitzeuden (Al-Andalusen mugetan). Banu Qasiak Casiotarrak izan ziren 711 arte. Botere bisigotikoarekin erlazionatuak, Ebro haraneko gobernadoreak izan ziren. Musulmanen etorrerarekin, 711an, islamiartu eta Damaskora joan ziren, Kalifari gorazarre egitera; ix. mende erdialdean,
botere handia lortu zuten, Musa ibn Musa-ren agindupean (hirugarren erregea). Banu Qasiak Iruñeko aristrokaziako familia batekin odolez erlazionatuta zeuden, Enekotarrekin.

- Orreagako lehen guda (778. urtea)
Zaragozako gobernadore Sulayman-ek, 777an (Orreagako guda baino urtebete lehenago), enbaxada bidali zuen Karlo Magnorekin tratua adostera. Sulayman-ek, Emirerriaren kontra egiteko, hiriaren giltzak eskaini zizkion errege frankoari, laguntza militarraren truke. Autonomia lortu nahi zuela dirudi: Emirerriaren periferian zegoen (Ebro arroan) eta lurralde aberatsa zen. Karlo Magnok tratua onartu zuen, inperioa penintsulan zabaldu ahal izateko. Zaragozara heltzean, ordea, Sulayman-ek ez zizkion ateak ireki. Gainera, frankoen inperioaren iparraldean, saxoiak matxinatzen ari zirela jakin zuen Karlo Magnok. Itzultzea erabaki zuen.
Bidean, Iruñeko harresiak suntsitu zituen –kroniken arabera, mesfidantzagatik–. Ondorioz, Pirinioetan (Ibañetatik gertu, antza) baskoiek ostearen erretagoardia suntsitu zuten. Musulmanek, Karlo Magno garaituta eta Iruñea (kristaua) suntsituta zeudela aprobetxatuz, goarnizioak bidali zituzten bertara, eta musulmanen kontrolpean geratu zen hiria.

- Orreagako bigarren guda (824.urtea)
Karlo Magno 814an hil zen, eta 824an inperioa (semeen artean banatua) ahula zen jada. Hori dela eta, karolingiarrek Iruñean armadarekin sartu nahi izan zuten; baina, Pirinioak gurutzatzen ari zirela, baskoiek azpiratu egin zituzten berriz ere. Lehenengo gudatik berrogeita sei urtera, beraz, mito-irudia zabaldu zen
berriro Pirinioetako basoetan. Ematen du Orreagako bigarren guda horretan baskoiek Banu Qasiekin bat egin zutela. Frankoen osteak zuzentzen zituzten bi konde, Aznar eta Eblo, bahitu egin zituzten: lehena aske utzi zuten, Aragoikoa baitzen (baskoien familiakoa); baina bigarrena Kordobara bidali zuten, Al-Andalusera, eta hori baskoiek musulmanekin bat egin izanaren frogatzat hartu genezake.

- IX mendea, Iruñerria.
Bigarren porrotaren ondorioz, frankoak ez ziren lurraldea kontrolatzen berriro saiatu. Horrela, Iruñeko aristokrazia finkatu zen, eta IX mendean Enekotarrek nagusigoa lortu zuten noblezian. Eneko Aritzari, aurrerantzean, dux edota princeps deitu zioten agirietan. Historialariek, alta, ez dute Eneko Aritza Iruñeko lehenengo erregetzat jotzen, Antso Gartzez baizik (905 urtean). Dena den, Eneko Aritzak eskuratu zuen iruindar nobleen nagusigoa eta garai hartan finkatu ziren erresumaren oinarriak.